Barne araudia

14 Uztaila 2016
Published in Bazkideak

DATA: 2014ko urtarrilak 30

EKITALDIA: Herriko Sortzaileak

KRONIKA: Herriko sortzailen ekitaldia izan geneun urte hasieran; Unai Elorriagaren ipuin kontaketaz, ORGANIK taldearen dantza iradokitzaileez eta Nagoreren marrazki ezinhobeez gozatu genuen bertan. Eskerrik asko hau posible egin duzuen guztioi.

Enperadorearen jantzi berria

14 Uztaila 2016
Published in Iritzia

Denok ezagutzen duzue Grimm anaiek jasotako Enperadorearen Jantzi Berria ipuina. Oso harroa zen gizona, baina jostun maltzurrekin egin zuen topo: “Oihal honen berezitasuna da jende azkarrak soilik ikus dezakeela, ergelek ezin”.Jakina, premisa horrekin nola onartuko zuen Enperadoreak berak ez zuela tutik ere ikusten; ez eta bere gorteko limurtzaile guztiek; are, herri xeheak ere ez zuen horrelakorik onartuko.

Hartara denek goraipatu zuten existitzen ez zen jantzia, prozesioa abiatu zenean. Ume konplexugabeak izan ezik: “Larru gorritan doa Enperadorea!” ohikua hasi zen, eta orduan onartu zuten denek ergelarena egin, laudorioak eta loreak boteaz ari zirela ergelarena egiten. Barrez amaitu zuten gehienek; Enperadoreak ez hainbeste; eta jostunak, ordurako, ospa eginda.

Sarri erabili dut ipuin hau iritzi publikoko fenomenoak esplikatzeko. “Atotxako geltokiko ekintzak ez ditu ETAk burutu” esan zuen Arnaldo Otegik, baina gutxik sinetsi. Erosoagoa zen iritzi publikoaren korronteari jarraitzea; edo, zalantzatien kasuan, isiltasunaren kiribilean murgiltzea. Harik eta kiribilak buelta eman zuen arte, eta orduan 'denak atera ginen' PPren aurka (egia esan denak ez, gutxi batzuk; baina kamara aurrean ondo kokatuta).

Berdin gertatzen da hizkuntzen dinamikekin: hizkuntza giroa ezartzen da, eta horixe nagusitzen, harik eta ume konplexugabea agertzen den arte (“hara, hau ere euskalduna zen!” esaten diogu gure buruari azken unean pista bat eman digun mintzakide ezezagunak alde egin orduko). Berdin dio gutariko bakoitzak jantzia ikusi ala ez, hizkuntza jakin ala ez. Giroa nagusitzen da. Bada garaia ordea giroa aldatzeko.

Begira Getxoko datuak: 22.000 euskaldun bizi gara (hots, euskaraz egiteko gai garenak); eta 25.000 dira gu euskaraz ari garenean guri ulertzeko gai direnak (euskaldun pasiboak). Gainerakoak, ulertu ezin gaituztenak, 32.000 dira. Hortaz, kalera irten eta euskaraz egiten dugun bakoitzean, mintzakideak guri ulertzeko aukera % 60 da. Honez gero, euskara ulertzen ez dutenak dira gutxiengoa, ez gu.

Bada garaia gauzak bere lekuan jartzeko, eta har ditzaten beste batzuek gutxiengoari dagozkion jarrerak. Aska dezagun behingoz motxila hori.

Azebarriko kideak, Grimm anaien ipuineko ume izatea nahiko nuke.

Josu Amezaga Albizu

Zorion poxi bat

14 Uztaila 2016
Published in Iritzia

Oraintsu idatzi nuen Hirukaren agerkari digitalean (“Hizkuntza sasi-ofiziala”, http://hiruka.eus/komunitatea/gkortabarria/1425303346458) euskal erakundeetako arduradun askok gure hizkuntzarekiko erakusten duten ezaxola lasaiaren atzean euskaraz ari den jendartearen sektoreari bizkarra emanda bizitzeko erabakia dagoela. Ezaxola lasai horren adibide ditugu Hegoaldeko hiriburuetan –Donostia salbu– izan ditugun alkateak: euskaraz egun ona ematen ere ez zekiten gizasemeak, euskararekikoak agiri ofizialak itzultzaileen esku utzita konplitzen zituztenak.

Zeharo pozgarria da, horregatik, azken udal hauteskundeen ondoren izendatuak izan diren Iruña, Donostia, Gasteiz zein Bilboko alkateak euskal hiztunak direla jakitea. Aginte makila hartu ondoren, alkateok herritarrei naturaltasun osoz euskaraz zuzendu izana aintzat hartzeko moduko urrats sinbolikoa delakoan nago euskararen ofizialtasun praktikoaren, hau da, normalizazioaren bidean.

Urrats sinbolikoen ondoren, jakina, praktikoak etorri beharko dira, hiriburuetako udaletan bezala, gainontzeko instituzioetan, Iruñako alkateak esan duen moduan: euskararen normalizaziorantz jo behar da, euskara iruindarren hizkuntza propio gisa tratatuz, parekotasunarekin.

Egitekoa egindakoa baino askoz gehiago dela badakigu ere, zilegi bekigu, gaurkoan, zorion poxi hau.

German Kortabarria Igartua

2015eko martxoa

Baina zu neska zara (Bertso-sorta)

14 Uztaila 2016
Published in Iritzia

1) Ume txikien pozez azaldu 

 nion amari behinola 

-Futbol taldean hasi nahi nuke.-

Ez zuen ulertu nola

irratiz amamaren etxean,

Athletic ari zen bakoitzean

borborka nuen odola.

Zeruan bizi zen aitonari 

eskatu ohi nion gola

baina amari zer nahi nuen ez

zitzaion axola:

-Junek izena eman du eta

ez al zaizu gustatzen baleta ?

ene laztana futbola

ez baita nesken kirola.- 

 

2)13 urte bete berritan 

ez zen izan atsegina

kulero zuri bat ikustea

kolore gorriz zikina.

Arin kontatu nion amari,

otoi ez kontatzeko aitari,

zein isiltasuna ezina.

Laster etorri zitzaidan aita:

-Jada ez zara panpina,

emakume bihurtu zara;

zorionak erregina.-

Ez dit graziarik egin bromak

zergaitik esan dit zorionak?

hilero bada berdina

obariotako mina

 

3) Bilboko jaiak iritsi eta 

behingoz La Pegatinara 

sarrerak hartu ditut, behean

zain dauzkat Lur eta Sara.

-Beno banoa agur amatxo,

berandu helduko naiz akaso!-

Et et et, zatoz alaba.

Nahiz ezin duzun ongi ulertu 

zein den amaren ikara

bi ordu barru Guggenheimean

zure zain egongo gara.-

-Jon eta Iker ordu txikitan

bueltatzen dira azken alditan

nik ere nahi dut parranda...-

-Ya ..baina zu neska zara.-

 

4)Karrera hasi eta orduan 

hasi naiz hartzen kafea,

piercing bat ere egin dut eta

lepoan tatuajea.

Txinoetan rimel merkea

lapitz beltz eta koloretea;

ispiluen txantajea.

Estali guran gabiltza beti

garauak, pekak, ajea...

ez omen gara nahikoa eta

goizero kamuflajea.

Soilik aldatu ohi da modua

bestela berdin dabil mundua;

batzuek burka trajea

eta guk makillajea.

 

5) Begi-zuloak ondo estali, 

burusoildu besapea, 

titiak gora altxatu eta

ahaztu txokolatea.

kontu hauekin nire lagunak,

egiten zaizkit horren astunak...

isildu eta bakea.

Neuretzat hartu ohi dut galderak

erantzuteko tartea: 

inporta zaien bakarra soilik

al da eskaparatea?

Ohartuko balira, hobeto:

behiaren antzik ez izateko

behien moduan jatea

ez al da disparatea?

 

6)Gerri mehedun emakumeek 

badute zenbait exito;

telebistako horien aurrean

inbidiaz nola ez ito?

Azal leuna, aldaka estuak

modeloen neurri amestuak

Nola ez dugu etsiko?

Zer jantziko dut? A ze piura!

hobe ez banintz jaikiko!

Horren itsusi eta potola 

izan behar dut betiko?

Zenbat zalantza, zenbat arazo,

malko olatudun zenbat itsaso...

Geure burua begiko

izango bagenu, kito!

 

Egilea: Itxaso Paia Ruiz

Doinua: Izarren hautsa (Igor Elortzaren moldaketa)

 

Bideoa ikusteko aukera

https://youtu.be/rhUQBPAmcQg