Denbora laburra igaro da ALBEko lagun batzuen buruan ideia bat egosten hasi zela. Ideia sinple bezain erakargarria, inguruko euskaltzale guztiok amets genuena aspalditik: euskalgune bat sortzea txoko baten inguruan. Ordutik aurrera, baina, oztopoz beteriko bide luzea ibili beharra egon da. Ibilitako bidea basamortuko zeharkaldi batekin konpara daiteke: gosea, egarria, nekea… bidean zenbait oasi eder agertu izan dira, baina espejismoak ziren. Azkenean, zorionez, benetako oasi batera iritsi gara. Hemen bada edaririk, bada jatekorik, bada lagunarte epelik, bada atseden hartzeko tokirik; baina oasi erreal eta eder hau, atsedengune bikaina izan arren, ez da ezeren helmuga; zerbait izatekotan, proiektu kilikagarri baten abiapuntu dugu.
Halandaze, bihotzez eskertu behar dugu hasierako ideia hura sortu, landu, garatu eta errealitate bihurtze bidean lagundu duten guzti-guztien ahalegina.
Gure oraingo lokal ederreko atea ireki zenetik, zorionez, mugimendu handia somatu da Azebarriren inguruan. Ekitaldi asko egin izan dira lau horma horien artean. Bai eta kanpoan ere, Azebarriren ekinbidea ez baita lokalaren barruko jardueretara mugatzen.
Bestetik, dagoeneko esan dezakegu Azebarri bigarren fasean sartu dela. Lehenengo fasean, zerbait nahi izatetik zerbait izatera pasatu ginen. Eta bigarren fase honetan, zerbait izatetik zerbait egitera pasatu gara. Orain gogotsu gaude hirugarren faseari ekiteko, baina ez lehenago bigarren fasean ekitaldiak diseinatze eta gauzatze lanean dena ematen ibili diren azebarritar guztiei gure errekonozimendurik zintzoena eta bihozkorrena adierazi barik.
Hirugarren fase baten atarian gaude, beraz. Baina nortzuk gaude? Nortzuk gara? Zer nahi dugu? Norantz joan nahi dugu? Hainbat galdera sortu zaigu hartu beharreko bidearen gorabeheran. Baina, zorionez, erantzuna erraz topatu dugu. Hobeto esan, erantzunak, pluralean. Zuen erantzunak, hain zuzen ere, zuengana jo baitugu galdera horien erantzunen bila. Eta erantzun interesgarri horiekin panorama harean argiturik, lan talde bat sortu dugu, edo zehatzago esanda, eraberritu dugu, talde horretako zenbait lagun lehendik ere ari baitzen lanean. Taldea eraberritu, beraz, eta lanean jarraitu dugu, baina oraingoan helburu argiago batekin: hemendik aurrerako urratsak eta lan dinamika diseinatzea eta zehaztea. Lehen erabili dugun terminologiaren bidetik, lehenengo fasean nahi izatetik izatera pasatu ginen; bigarrenean izatetik egitera; eta hirugarren honetan egitetik eragitera pasatu nahi dugu.
1. fasea: nahi izatetik > izatera
2. fasea: izatetik > egitera
3. fasea: egitetik > eragitera
Eta hori nahi dugu, zeuok ere horixe nahi duzuelako, zeuok ere horixe adierazi diguzuelako, zeuok hala jokatzeko eskatu diguzuelako. Baina eragin nahi hori, berez, ez da aski gizartean eragiteko, batetik; eta bestetik, ez da nahikoa elkartearen geroa ziurtatzeko.
Eta horregatik proposatu gura dizuegu funtzionatzeko bide berri bat, lan sistema berritzaile bat, gure eragin nahia eta biziraun beharra uztartuz, gure baliabideak optimizatzen lagunduko diguna: LAN SISTEMA ORBITALA.
Analogiaz esan dezakegu Azebarri izar bat dela, eguzki bat, alegia. Algortako, Getxoko, Uribe Kostako, Bizkaiko eta Euskal Herriko izar berria dela, eta gu guztiok osatzen dugula izar eder hori. Eta Azebarri izeneko izar horrek nukleo bat daukala, erdigune bat, astroa egunero-egunero elikatzeaz arduratzen dena: zuzendaritza taldea, hain zuzen ere.
Analogiaz jarraiturik, Azebarri barruan sortu den kultura eta komunikazio batzordea planeta bat litzateke, guk izena laburtu beharrez KULTURKOM planeta/taldea deitu dioguna. Eta nortzuek osatzen dute Kulturkom planeta? Bada, lehenago kultur taldean zeudenek gehi komunikazio taldetik heldu direnek. Eta planeta hori itxia al da? Ez, ba. Eta zer behar da planeta horren parte izateko? Gauza bakarra da beharrezko: izarraren inguruan orbitatzeko gogoa. Eta zeri deitzen diogu ORBITATZEA? Orbitarena metafora bat da, oso ondo islatzen duena gure lan metodologia. Guk ez dugu nahi lan eskema lau bat, goian zuzendaritza jartzen duena, eta azpian kultura eta komunikazio batzordea, eta beherago bazkideak, eta are beherago proiektuak. Guk erlazio orbitala proposatzen dugu. Hiru dimentsiotako erlazio orbitala. Kulturkom talde hori zuzendaritza taldearen inguruan biraka ibiliko da, ekidistantzia batera orbitatuz, baina ez gainean, ez azpian, inguruan baino. Talde autonomoa izango da. Autonomoa eta autokudeaketaz jardungo duena. Beti egongo da zuzendaritzarekin harremanetan; zuzendaritzaren orbitan, beraz, ordezkarien bitartez. Baina ez du egon beharko zuzendaritzaren aginduen zain. Harreman zuzena izango du bazkideekin, zuokin guztiokin.
Eta azkenik, Kulturkom planetaren inguruan biraka hainbat satelite ibiliko dira. Satelite horiek, jakina, proiektuak dira. Zuen proiektuak. Gure proiektuak. Eta asko dira. Gura beste izan daitezke. Eta proiektu horiek, esan bezala, Kulturkom planetaren inguruan orbitatuko dute, talde horretakoak izango baitira bazkideekin proiektugintzan aritzeko arduradunak. Une honetan baditugu zenbait satelite (proiektu) interesgarri mahai gainean. Batzuk, ustez, oso onak. Urrezko proiektuak izan litezkeenak. Baina guk ez dugu “urrezko arrautzarik” nahi. Guk, eskatzen hasita, urrezko arrautzak erruten dituen oiloa nahi dugu. Eta badaukagu, eduki. Eta hori zeuek eta geu gara. Bazkideok gara. Gutariko edozeinek izan baitezake ideia berri bat. Asmo interesgarri bat. Amets kilikagarri bat. Nahi bizi bat zerbait proposatzeko, diseinatzeko, burutzeko. Eta satelite deitu diegun proposamen horiek guztiak planeta deitu diogun Kulturkom batzordetik pasatu eta Azebarri izarraren nukleoa deitu diogun zuzendaritza taldearen konplizitateaz abiatuko dira. Agian denak ez dira egingarriak izango; eta egingarriak direnetatik, agian denak ez dira ikaragarri ondo irtengo, nahiz eta guk geure gogo-bihotzak jarri abiarazten diren ekimen guztiak bikain irten daitezen. Baina satelite bat (proiektu bat alegia) amatatzen den une berean, beste bat sor daiteke, edo batzuk, edo asko… eta horixe da lan sistema honen birtuterik handiena. Ez dituela proiektuak eta taldeak erretzen, ugaltzen eta biderkatzen baino.
Ongi etorri, beraz, Azebarriren unibertso txiki-handi honetara! Orbita dezagun elkarrekin!
Kultura Kulturkom batzordearen jardun eremu nagusi bietako bat dugu, komunikazioarekin batera. Arlo honetan era guztietako proposamenak egiten, aztertzen eta bideratzen dira. Baina hiru multzo nagusitan sailka daitezke:
1) Kanpoko norbaitek antolatuta, gure lokalean egiten diren ekitaldiak, dela kanpokoek gugana jo dutelako, dela bazkide edo ezagun baten bitartez. Era honetako zenbait jarduera gure hasierako lokalean (Lapikoa txokoan) egin ziren. Eta lokal berria daukagunetik, ikaragarri ugaldu zaizkigu. Gure proiektuak aukera eta sinergia berriak sortu dituen seinale garbia da hori. Ondo etorriak, beraz, bide horretatik datozen ekimen guztiak. Ea talde, elkarte eta erakunde guztietara zabaltzea lortzen dugun.
2) Azebarrik antolatuta, gure lokalean egiten diren ekitaldiak. Honelakoak gutxi egin ditugu oraingoz. Batzuk lokal zaharrean, eta beste batzuk berrian. Baina argi dago era honetako ekitaldiak ugaldu egingo direla aurrerantzean. Lokal ederra daukagu, eta ustiatu egingo dugu. Lastima litzateke halako aukera alperrik galtzea! Bestetik, lokala janzten, hornitzen eta egokitzen ari gara, bertan era askotako ekitaldiak egin ahal izateko.
3) Azebarrik antolatuta, gure lokaletik kanpo egiten diren ekitaldiak. Azpimarratzekoak, besteak beste, Algortako San Nikolas enparantzan egin zen I. Azebarri eguna, eta Algortako Ekin tabernan egin zen mahaingurua, euskararen arnasguneen inguruan (Jon Sarasua, Josu Amezaga, Pirritx eta Marimotots, Fredi moderatzaile dela). Bide honetatik ere segitzeko asmoa daukagu, jakina. Lokala erdigunea dugu, baina gure ekintzen erradioa askoz zabalagoa izatea gura dugu.
Komunikazioa Kulturkom batzordearen jardun eremu nagusi bietako bat dugu, kulturarekin batera. Arlo honetan bi esparru nagusi bereizten ditugu:
1) Azebarriren barruko komunikazioa. Hemen sartzen da bazkideen zein batzordeen arteko komunikazioa, eta harrotasunez esan dezakegu euskara dela transmisio hizkuntza: jakinarazpenak, oharrak, bilera-deialdiak, aktak… euskara hutsez egiten ditugu. Ahoz ere euskara dugu komunikazio hizkuntza, azebarritarron filosofiaren baitan baitago euskaraz erlazionatzeko, lan egiteko, ikasteko, gozatzeko, berba batean esanda, bizitzeko gunea izatekoa. Uatxap bidezko Hedapen Taldea ere sortu dugu, gure mugimenduen berri behingo-behingoan eman eta jasoteko.
2) Kanpokoekiko komunikazioa. Atal honetan egongo lirateke kartelak, webgunea, iragarpenak, prentsa-oharrak… Hemen ere euskara dugu hizkuntza nagusia, baina ez dugu baztertzen ekintza puntualetan erdarak erabiltzea, euskararen mesedetan beti ere, gure jardueren berri emateko.
Bi komunikazioo esparru horietatik aparte, berebiziko garrantzia du eta ikaragarri arduratzen gaitu Azebarri marka sendotu eta zabaldu baharrak. Komunikazio arloan etengabe ari gara gure irudia sendotu eta hedatu guran, eta alde horretatik, marketing estrategiak ere erabiltzen ditugu gure izena zein gure jardunaren oihartzuna lau haizeetara zabaltzeko. Esan beharrik ez dago alor hau, elkartearen izena zabaldu ahala, egokituz eta doituz joango garela, Azebarri erreferentzia argia bihur dadin euskararen eta euskal kulturaren munduan.
Ongi etorri txokoaren txokora. Jarri eroso. Jantzi abarketak eta etzan sofan. Edo jesarri besaulkian. Edo eseri aulkian eta para mahaian. Hainbat aukera duzu egoteko nahieran. Zeure txokoan baitzara. Atal honetan Azebarriren bazkide izateak ematen dizkizun abantailez gozatu ahal izango duzu: informazioa, parte hartzeko bide zuzena, bizipenak partekatzeko aukera... Ikusiko duzu zeinen handia den kanpotik txikia ematen duen mundu koloretsu hau. Ikusiko duzu zeinen emankorra den gastronomiaren eta kulturaren arteko mixtura. Era guztietako zirrarak sentituko dituzu: zeure lagunekin gozo-gozo bazkaltzen, barran zerbitzatzen zein kozinatzen gure ekitaldietan, kantatzen edo bertsoak botatzen gure bazkalosteetan, musika entzuten eta dantzatzen gure kantasio zein erromerietan, eta, batez ere, euskaraz mintzatzen, gozatzen eta bizitzen gainerako euskaldun eta eukaltzaleekin. Ez dago inon txokorik, hainbeste eskaintzen duenik!
BAZKIDEA BAZARA HONAKO INFORMAZIO HAU INTERESGARRIA IZANGO ZAIZU.