Algortako jaietako Maratoian parte hartuko dugu Azebarritarrok, hainbat kideren artean bazkaria antolatuko dugulako. Bazkaltzera etorri gura baduzue ALBEko kideen bidez eman dezakezue izena (605 704 385 / Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ), Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña izango ditugu bazkalostean. Eskerrik asko parte hartuko duzuen bazkideoi eta ALBEko kideoi, egun ederra biziko dugu-eta!
BERTSO-MARATOIA
13:00 Bertso saioa Kasino plazan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Fredi Paia & Nerea Elustondo.
15:00 Bazkaria Azebarrin (Helduak: 20€ / Adin txikikoak: 15€) Izena emateko, deitu (605 704 385) edo emaildu ( Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ). Bertsolariak: Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio!
18:00 Bertso poteoa
1) Ume txikien pozez azaldu
nion amari behinola
-Futbol taldean hasi nahi nuke.-
Ez zuen ulertu nola
irratiz amamaren etxean,
Athletic ari zen bakoitzean
borborka nuen odola.
Zeruan bizi zen aitonari
eskatu ohi nion gola
baina amari zer nahi nuen ez
zitzaion axola:
-Junek izena eman du eta
ez al zaizu gustatzen baleta ?
ene laztana futbola
ez baita nesken kirola.-
2)13 urte bete berritan
ez zen izan atsegina
kulero zuri bat ikustea
kolore gorriz zikina.
Arin kontatu nion amari,
otoi ez kontatzeko aitari,
zein isiltasuna ezina.
Laster etorri zitzaidan aita:
-Jada ez zara panpina,
emakume bihurtu zara;
zorionak erregina.-
Ez dit graziarik egin bromak
zergaitik esan dit zorionak?
hilero bada berdina
obariotako mina
3) Bilboko jaiak iritsi eta
behingoz La Pegatinara
sarrerak hartu ditut, behean
zain dauzkat Lur eta Sara.
-Beno banoa agur amatxo,
berandu helduko naiz akaso!-
Et et et, zatoz alaba.
Nahiz ezin duzun ongi ulertu
zein den amaren ikara
bi ordu barru Guggenheimean
zure zain egongo gara.-
-Jon eta Iker ordu txikitan
bueltatzen dira azken alditan
nik ere nahi dut parranda...-
-Ya ..baina zu neska zara.-
4)Karrera hasi eta orduan
hasi naiz hartzen kafea,
piercing bat ere egin dut eta
lepoan tatuajea.
Txinoetan rimel merkea
lapitz beltz eta koloretea;
ispiluen txantajea.
Estali guran gabiltza beti
garauak, pekak, ajea...
ez omen gara nahikoa eta
goizero kamuflajea.
Soilik aldatu ohi da modua
bestela berdin dabil mundua;
batzuek burka trajea
eta guk makillajea.
5) Begi-zuloak ondo estali,
burusoildu besapea,
titiak gora altxatu eta
ahaztu txokolatea.
kontu hauekin nire lagunak,
egiten zaizkit horren astunak...
isildu eta bakea.
Neuretzat hartu ohi dut galderak
erantzuteko tartea:
inporta zaien bakarra soilik
al da eskaparatea?
Ohartuko balira, hobeto:
behiaren antzik ez izateko
behien moduan jatea
ez al da disparatea?
6)Gerri mehedun emakumeek
badute zenbait exito;
telebistako horien aurrean
inbidiaz nola ez ito?
Azal leuna, aldaka estuak
modeloen neurri amestuak
Nola ez dugu etsiko?
Zer jantziko dut? A ze piura!
hobe ez banintz jaikiko!
Horren itsusi eta potola
izan behar dut betiko?
Zenbat zalantza, zenbat arazo,
malko olatudun zenbat itsaso...
Geure burua begiko
izango bagenu, kito!
Egilea: Itxaso Paia Ruiz
Doinua: Izarren hautsa (Igor Elortzaren moldaketa)
https://youtu.be/rhUQBPAmcQg