1) Ume txikien pozez azaldu
nion amari behinola
-Futbol taldean hasi nahi nuke.-
Ez zuen ulertu nola
irratiz amamaren etxean,
Athletic ari zen bakoitzean
borborka nuen odola.
Zeruan bizi zen aitonari
eskatu ohi nion gola
baina amari zer nahi nuen ez
zitzaion axola:
-Junek izena eman du eta
ez al zaizu gustatzen baleta ?
ene laztana futbola
ez baita nesken kirola.-
2)13 urte bete berritan
ez zen izan atsegina
kulero zuri bat ikustea
kolore gorriz zikina.
Arin kontatu nion amari,
otoi ez kontatzeko aitari,
zein isiltasuna ezina.
Laster etorri zitzaidan aita:
-Jada ez zara panpina,
emakume bihurtu zara;
zorionak erregina.-
Ez dit graziarik egin bromak
zergaitik esan dit zorionak?
hilero bada berdina
obariotako mina
3) Bilboko jaiak iritsi eta
behingoz La Pegatinara
sarrerak hartu ditut, behean
zain dauzkat Lur eta Sara.
-Beno banoa agur amatxo,
berandu helduko naiz akaso!-
Et et et, zatoz alaba.
Nahiz ezin duzun ongi ulertu
zein den amaren ikara
bi ordu barru Guggenheimean
zure zain egongo gara.-
-Jon eta Iker ordu txikitan
bueltatzen dira azken alditan
nik ere nahi dut parranda...-
-Ya ..baina zu neska zara.-
4)Karrera hasi eta orduan
hasi naiz hartzen kafea,
piercing bat ere egin dut eta
lepoan tatuajea.
Txinoetan rimel merkea
lapitz beltz eta koloretea;
ispiluen txantajea.
Estali guran gabiltza beti
garauak, pekak, ajea...
ez omen gara nahikoa eta
goizero kamuflajea.
Soilik aldatu ohi da modua
bestela berdin dabil mundua;
batzuek burka trajea
eta guk makillajea.
5) Begi-zuloak ondo estali,
burusoildu besapea,
titiak gora altxatu eta
ahaztu txokolatea.
kontu hauekin nire lagunak,
egiten zaizkit horren astunak...
isildu eta bakea.
Neuretzat hartu ohi dut galderak
erantzuteko tartea:
inporta zaien bakarra soilik
al da eskaparatea?
Ohartuko balira, hobeto:
behiaren antzik ez izateko
behien moduan jatea
ez al da disparatea?
6)Gerri mehedun emakumeek
badute zenbait exito;
telebistako horien aurrean
inbidiaz nola ez ito?
Azal leuna, aldaka estuak
modeloen neurri amestuak
Nola ez dugu etsiko?
Zer jantziko dut? A ze piura!
hobe ez banintz jaikiko!
Horren itsusi eta potola
izan behar dut betiko?
Zenbat zalantza, zenbat arazo,
malko olatudun zenbat itsaso...
Geure burua begiko
izango bagenu, kito!
Egilea: Itxaso Paia Ruiz
Doinua: Izarren hautsa (Igor Elortzaren moldaketa)
https://youtu.be/rhUQBPAmcQg