Auto-antolaketaren sarea ehuntzen

14 Uztaila 2015 Written by 
in Iritzia
Rate this item
(0 votes)

Aurten Algortako Bertsolari Eskolak 35 urte bete ditu, 1980an eskualdeko hiru bertsozale ausartak sortu zutenenik. Era berean, Txorimalo Gaztetxeak bere 9. urteurrena ospatu du, eta bere inguruan hamaika gazte batu da auto-antolaketa dinamikaren gerizpean. Erakunde horiek Getxoko udalerrian badira nor, eta herriko panoraman ere badira beste hainbat kolektibo jendarte hobe, aberats eta antolatu baten alde egiten duten lanagatik ospea dutenak, den-denak herriaren benetako ordezkari, den-denak hamaika lagunek abiatutako lanaren fruituak agerian dituztenak.

Gure memoriak erakusten digu Euskal Herritarrok kale mailan antolatu beharraren premia larria izan dugula. Izan ere, botere eta instituzio publikoen eremu idor antzuak oasi emankor eta sortzaileak behar zituen, norbanakook babesten gaituen lur zauritua nortasuna, elkartasuna eta irudimenaren emariaren bitartez sendatu gura bagenuen. Ez dira makalak izan hamarkadetan zehar hainbat kolektibok egindako ahaleginak, ez eta instituzio publikoek jarritako trabak ere, herri-erakunde hauek bultzatu barik sarritan inon ziren zangalatrabarik doilorrenak jarri izan baitizkiete, eta askotan erakunde herritar horiek susmopean jarri dituzte.

Urteak igaro ahala, lehengo sasoiak gaurko begiekin gris kolorekoak begitantzen zaizkigu. Oraingoak, ostera, ez datoz kolorez zamaturik, askok gura genukeen legez. Urteotan herritar dinamikan gabiltzanok botere eta instituzio publikoekin puntu komunak lortzeko ahaleginak progresio geometrikoan hazi arren, horiek gurekiko duten sentsibilitatearen bizkortzea progresio aritmetikora ere ez da heltzen. Nork ez daki tokian tokiko gobernariaren kolore, unean uneko aldarte edo sentsibilitate faltak gure presoen, euskararen edo herri kulturaren biziraupena baldintza dezaketela. Edo praktika zehatzetara etorrita, auzoko kultur erakunde publikoaren arduradunaren gogoa, ordutegia edo bestelako aitzakia merkeek herri elkarte batek antolatu beharreko ekitaldi bat zapuztu dezaketela, noiz eta herritar legez erabiltzea zilegi izan behar genukeen espazio publikoa ukatzen zaigunean.

Testuinguru honetan sortu da Azebarri Kultur Elkartea, espazio bat non herriko euskal kulturaren unibertsoak arnas egiteko parada izango duen, eta garrantzitsuena, auto-antolaketaren praktikak dinamizatua, inongo gobernariren kolore, unean uneko aldarte edo krisiaren aitzakiak baldintzatu behar ez diona. Hein horretan, pozgarria da benetako herri kultura ehuntzen dabiltzan Erakundeen artean Elkarte berri honen presentzia, hamaika euskaltzale eta bertsozaleren ahaleginarekin sortua, eta zeresanik ez, herriko kultur sareari egundoko ekarpena egin diezaiokeena, berbaldiak, kontzertuak edo bestelako ekitaldiak eskainiz, edo euskaltzale eta bertsozaleon babesgune gisa. Alabaina, tristea ere bada orain arte instituzio publikoek banketxe gisako ordutegi eta arautegitik hara herritarron behar honi irtenbiderik ematen ez jakitea, eta egun ere ez da bide horri eusteko zantzu argirik ikusten.

Hemendik aurrera etorkizunak zer dakarkigun ezin jakin. Baikorrak izate aldera, esan negu gorriak udaberria duela atzetik ezinbestean, eta lehengo instituzio publikoen itxikeriaren alferrikako esperientziak gerokoen aldarte eta sentsibilitate oparoa dakarkeela, batetik herri mailan norbanakook gure lana eta sinesmena proiektu berrien zerbitzura jarririk, eta bestetik instituzio publikoek herriak abian jarritakoak euren parte ere badirela aitorturik, eta hala den neurrian beharrezkoa den laguntza emanik.

Beraz, gu guztion esku dago iraganeko harri beretan behaztopa egin barik gure herriak munduaren aurrean antolaketa eredugarria izatea. Zenbat aldiz ez da aipatu denbora berriek aldarte sanoa eta lehengo giro kirastua egurastu behar dutela?. Kaleko dinamikaren hotsak instituzio publikoetako saloi gordeetako leiho itxiak zabalduko ahal ditu. Hala bedi.

Josu Landeta Egurrola

506 Last modified on Osteguna, 14 Uztaila 2016 10:32
More in this category: