Auto-antolaketaren sarea ehuntzen

14 Uztaila 2015
Published in Iritzia

Aurten Algortako Bertsolari Eskolak 35 urte bete ditu, 1980an eskualdeko hiru bertsozale ausartak sortu zutenenik. Era berean, Txorimalo Gaztetxeak bere 9. urteurrena ospatu du, eta bere inguruan hamaika gazte batu da auto-antolaketa dinamikaren gerizpean. Erakunde horiek Getxoko udalerrian badira nor, eta herriko panoraman ere badira beste hainbat kolektibo jendarte hobe, aberats eta antolatu baten alde egiten duten lanagatik ospea dutenak, den-denak herriaren benetako ordezkari, den-denak hamaika lagunek abiatutako lanaren fruituak agerian dituztenak.

Gure memoriak erakusten digu Euskal Herritarrok kale mailan antolatu beharraren premia larria izan dugula. Izan ere, botere eta instituzio publikoen eremu idor antzuak oasi emankor eta sortzaileak behar zituen, norbanakook babesten gaituen lur zauritua nortasuna, elkartasuna eta irudimenaren emariaren bitartez sendatu gura bagenuen. Ez dira makalak izan hamarkadetan zehar hainbat kolektibok egindako ahaleginak, ez eta instituzio publikoek jarritako trabak ere, herri-erakunde hauek bultzatu barik sarritan inon ziren zangalatrabarik doilorrenak jarri izan baitizkiete, eta askotan erakunde herritar horiek susmopean jarri dituzte.

Urteak igaro ahala, lehengo sasoiak gaurko begiekin gris kolorekoak begitantzen zaizkigu. Oraingoak, ostera, ez datoz kolorez zamaturik, askok gura genukeen legez. Urteotan herritar dinamikan gabiltzanok botere eta instituzio publikoekin puntu komunak lortzeko ahaleginak progresio geometrikoan hazi arren, horiek gurekiko duten sentsibilitatearen bizkortzea progresio aritmetikora ere ez da heltzen. Nork ez daki tokian tokiko gobernariaren kolore, unean uneko aldarte edo sentsibilitate faltak gure presoen, euskararen edo herri kulturaren biziraupena baldintza dezaketela. Edo praktika zehatzetara etorrita, auzoko kultur erakunde publikoaren arduradunaren gogoa, ordutegia edo bestelako aitzakia merkeek herri elkarte batek antolatu beharreko ekitaldi bat zapuztu dezaketela, noiz eta herritar legez erabiltzea zilegi izan behar genukeen espazio publikoa ukatzen zaigunean.

Testuinguru honetan sortu da Azebarri Kultur Elkartea, espazio bat non herriko euskal kulturaren unibertsoak arnas egiteko parada izango duen, eta garrantzitsuena, auto-antolaketaren praktikak dinamizatua, inongo gobernariren kolore, unean uneko aldarte edo krisiaren aitzakiak baldintzatu behar ez diona. Hein horretan, pozgarria da benetako herri kultura ehuntzen dabiltzan Erakundeen artean Elkarte berri honen presentzia, hamaika euskaltzale eta bertsozaleren ahaleginarekin sortua, eta zeresanik ez, herriko kultur sareari egundoko ekarpena egin diezaiokeena, berbaldiak, kontzertuak edo bestelako ekitaldiak eskainiz, edo euskaltzale eta bertsozaleon babesgune gisa. Alabaina, tristea ere bada orain arte instituzio publikoek banketxe gisako ordutegi eta arautegitik hara herritarron behar honi irtenbiderik ematen ez jakitea, eta egun ere ez da bide horri eusteko zantzu argirik ikusten.

Hemendik aurrera etorkizunak zer dakarkigun ezin jakin. Baikorrak izate aldera, esan negu gorriak udaberria duela atzetik ezinbestean, eta lehengo instituzio publikoen itxikeriaren alferrikako esperientziak gerokoen aldarte eta sentsibilitate oparoa dakarkeela, batetik herri mailan norbanakook gure lana eta sinesmena proiektu berrien zerbitzura jarririk, eta bestetik instituzio publikoek herriak abian jarritakoak euren parte ere badirela aitorturik, eta hala den neurrian beharrezkoa den laguntza emanik.

Beraz, gu guztion esku dago iraganeko harri beretan behaztopa egin barik gure herriak munduaren aurrean antolaketa eredugarria izatea. Zenbat aldiz ez da aipatu denbora berriek aldarte sanoa eta lehengo giro kirastua egurastu behar dutela?. Kaleko dinamikaren hotsak instituzio publikoetako saloi gordeetako leiho itxiak zabalduko ahal ditu. Hala bedi.

Josu Landeta Egurrola

Besarkada bat, Iraide

14 Uztaila 2016
Published in Iritzia

Duela zortzi bat urte, Zuzenbide zibila I irakasgaian, Erlantz nuen ikasleen zerrendan. Egun, Erlantz hura Iraide da. Beti sentitu da emakumezko, baina orain kanpo itxura eta izena ere aldatzeko hautua egin du. Etorkizunean etiketak ezabatu beharko baditugu ere, Iraide, egungo gizarte eta legerian, transexuala da. Jaio zenetik, Erregistro zibilak, bere sexu-organoen araberako klasifikazioan, gizonezkoa dela dio. Berak, aldiz, emakumea dela oso argi dauka.

Pertsona transexualengan disonantzia bat ematen da sexu-genero biologikoaren eta sexu-genero sentituaren artean. Ezagunak dira, mundu mailan, Mexikoko muxe-ak; Samoako fa’afafine-ak edota Indiako hijra-k. Mendetan zehar egon dira geure artean egun herrialde batzuetan hirugarren sexu gisa ezagunak diren pertsona transgeneroak. Oraindik ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gaixotzat dituenak [Amerikako Psikiatria Elkarteak, behintzat, DSM-5aren bitartez gaixotasun izaera kendu berri dio transexualitateari]. Tamalez, aniztasuna aberastasunaren sinonimo ez den mundu honetan, pertsona hauen oinarrizko eskubideen urraketak etengabeak dira, prostituzio eta suizidio tasa onartezinekin.

Pertsona baten sexu-generoaren definizioa, jaiotzean begiekin antzeman daitezkeen kanpo sexu-organoez haratago doa. Ez da, muinean, kontzeptu biologiko hutsa. Batez ere, kontzeptu psikosoziala da, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2002ko uztailaren 11ko epaietan adierazi zuenari jarraiki. Pertsonaren ezaugarri psikologikoak gailentzen dira bere izaera eraikitzeko prozesuan. Genero identitateak adierazten digu norberak sexu-generoa bere baitan eta sakonean nola bizi duen. Bere gorputzari dagozkion bizipen pertsonalak, sexualitatea, janzkera, hizkera, jarrera. Sexu biologikoaren kate estua askatuz, norberak behar du izan subjektu erabakitzailea, eraikitzailea. Baita, hormonak eta kirurgia dela medio, bere ibilbide biologikoa zuzentzeko hautua egiteko orduan ere, beharrezkotzat jotzen badu. Pertsonen genero autodeterminazioa oinarrizko giza eskubidea da eta hala jaso behar dugu gurean ere!

Zerk egiten gaitu emakumezko edo gizonezko? Zergatik sexu marka jarri jaioberriari? Zergatik, soilik, bi sexu marka? Gizarteak sexu biologiko bakoitzari ezartzen dizkion rolen eta pertsonaien gatibu gara. Femeninoa eta maskulinoa gure inguruan ontzat hartzen diren estereotipoen arabera kalibratzen ditugu, baita geure buruak ‘aurrerakoitzat’ eta ‘ezkertiartzat’ dauzkagun guneetan ere. Orain, neskato bat futbolean edo errugbian aritzea begi onez ikusten dugu. Baina hamaika urteko mutiko batek atzazalak margotzea edo gona eramatea….uff!! Bagoaz ‘aurrerantz’? Ziur? Gure inguruan etxeko norbaiten jarrera batek eskandalua ekarriko badu, ezkutatzeko modukoa dela sentitzen dugu, oraindik ere. Ezberdina izatea, zaila da. Gutxiengo izatera ohituta gauden guneetan ere. Gure begiradak patriarkala izaten jarraitzen du, oinarri bipolarduna. Ezarritako moldeetan sartzen ez direla sentitzen duten guztiei bizitza aldapa gora jartzen diegu gure jarrera zorrotzekin. Gure irainekin, beldurrekin, mugekin. Errepresioa erabiltzen dugu, matxistak gara (eta honek gizonezkoei ere kalte itzela egiten die!!). Epaitzen dugu, ghetto murritzen babespean. Zuzentasunaren eta egokitasunaren ikono gu geu bagina bezala jokatuz. Ez dugu batere hausnartzen. Ez dugu ia ezer berririk asmatzen gure etxeetan, eremu honetan benetan aurrera egiteko. Askeago bizitzeko. Eredu horizontalagoen bila, autokritikaz blai. Aniztasuna altxorra dela zinez barneratu arte.

Genero askatasuna eta autodeterminazioa, ERE!!!!!

Leire Imaz Zubiaur

Ongi etorri Azebarri

14 Uztaila 2016
Published in Iritzia

Paradoxikoa da euskararen egungo egoera. Alde batetik inoiz baino euskaldun gehiago dago: Euskal Herriko populazioaren herena, ia milioi bat lagun (beste seiehun milak ulertu egiten du). Beste alde batetik euskaldunak inoiz baino sakabanatuago daude erdaldunen artean. Erdia baino gehiago gutxiengo egoeran bizi da (hots, gehiengo elebakarra dagoen herrietan). Eta herrietako sakabanatzea ez eze, etxeetakoa ere badugu: duela hogeita bost urte hiru euskaldunetik bi euskaldunek osatutako etxeetan bizi ziren; gaur egun bakarra da euskaldunekin soilik bizi dena, beste biak ia-euskaldunekin edota elebakarrekin bizi dira.

Eta paradoxikoa dela diot, datuak pozgarriak direlako, izan: Euskal Herria euskaldunberria bilakatzen ari den seinale baitira. Euskara erdalguneetan sartzen ari da.

Fenomenoa ez da euskararen hazkundearen ondorio soila, bestelako joera globalagoei ere jarraitzen die: mundu osoan hizkuntzen arteko nahasketa gero eta handiagoa da, pertsonen eta komunikazio jario hazkorraren ondorioz. Datu bat: AEBtako etxeen % 11an egiten zuten, duela hogeita bost urte, ingelesa ez zen hizkuntza bat; gaur egun % 20tik gora da. Horregatik ez nau hainbeste larritu Nafarroako gune euskaldunetan ezagutzak zertxobait behera egin duela jakiteak (gainerako lurraldeetan ere halaxe gertatu da); joera globala euskarak gora egitea izan baita.

Azken datua: Getxon 22.000 euskaldun bizi gara, populazioaren % 28.

Pozgarria izan arren, egoera honek arazo larri bat planteatzen du erabilerari dagokionez. Hizkuntzaren erabilera bi pertsonen arteko kontua baita, testuingurua ezinbestekoa da erabili ahal izateko. Hori formula matematiko bat aplikatuz erakutsi ziguten Txillardegi eta Isasik duela urte asko: taldean elebakarren presentzia zenbat eta handiagoa izan, euskaldun elebidunek erdarara jotzeko aukerak biderkatu egiten dira.

Honengatik guztiagatik dira, hain zuzen, harreman sareak hain garrantzitsuak. Zenbait soziolinguistak arnasguneak aipatzen ditu, hots, hizkuntza gutxitua lasai bizi den espazioak. Aitortuko dut ez dudala terminoa gustuko, espazio fisikoari ematen dion gehiegizko pisuagatik. Izan ere Fishmanek termino hau (breathing-space, 1991) proposatu zuenetik hona, nabarmen aldatu dira pertsonen harreman moduak; komunikazioa eta espazio fisikoaren arteko lotura askatuz joan da. Bizimoduak ere aldatuz doaz, eta espazio fisiko bertsuetan geruza geologiko gisan eratzen dira komunikazio sareak (edota Photoshop-eko geruzak bezala); gainetik begiratuta denak dira bat, baina zeinek bere egitura du. Horrela bizi gara gu ere hiriguneetan: ez gara harremanetan hasten espazio fisikoan gurutzatzen zaigun pertsonarekin, geuk bilatzen dugunarekin baizik. Eta horretarako mugitu egiten gara, telefonoa jotzen, edo guatxapa bidaltzen. Horrela harreman sareak eraikitzen ditugu, hizkuntza batean edo bestean.

Testuinguru honetan sortu da Azebarri, Getxo eta inguruko euskaldunen harreman sare gisa. Gune fisikoa garrantzitsua da, zalantzarik ez, ea laster hori demostratzeko aukera daukagun. Baina funtsezkoa, ehun bat lagunek eman duten urratsa da: euskaldunak gara, euskaraz bizi nahi dugu, eta sare bat osatu dugu horretarako. Horren emaitzak, laster ikusi beharko genituzke.

Josu Amezaga Albizu

Lokalaren erabilera

13 Uztaila 2016
Published in Gurea

Eragile, elkarte edota erakundea bazara eta Azebarriren lokala erabili gura baduzu, beheko esteka honetan formulario bat topatuko duzu, bete eta zurekin harremanetan jarriko gara, eskerrik asko! 

Estatutuak

13 Uztaila 2016
Published in Gurea